You are here: Home Ezagutu Ingurune naturala
Document Actions

Ingurune naturala

Elgeta mendi eta paisaia zoragarriz dago inguratuta. Hemen dituzue ingurune naturaleko mendi ibilbide desberdinak:

Aixola

 

Aixola

 

Pilotalekutik abiatuko gara beherantz egiten duen zementuzko pista hartuta. 200 bat metrora bidegurutze bat aurkituko dugu; gu, ordea, beherantz jarraitu eta berehala Lapurdi-Goikoa eta Lapurdi-Bekoa baserrien ingurura helduko gara.

Hemen, Intxortaren hegalean jaiotzen den errekasto zoragarri batekin topatuko gara. Noranzko berari segituz, ibaiaren ibilbideari alegia, bertako landareria oparoan pausatzen diren txorien txorrotxioak entzunez, Urbedeinkatu baserria aukituko dugu. Aurrean, errota izan zen eraikina ere badago. Gaur egun, ordea, bertan behera utzita dagoen baserri bat topatuko dugu.

Aixolako urtegiaren ondoan gaude eta, ia presa guztiak bezala, inguratzeko aukera daukagu. Gutxi gorabehera 4.200 metro luze da eta edozein noranzkotan eman diezaiokegu buelta, edonola ere baserri zaharrera itzuliko garelarik. Bide beretik, ibaian gora, itzuliko gara Elgetara.

Fitxa teknikoa: ibilbidearen luzera: 8 km / iraupena: 2 ordu / zailtasuna: tartekoa.

Azkonabieta

 Azkonabieta

Elgetatik Eibarrerako bidea hartu eta kilometro bakarrera, Karabieta gaina baino lehen, eskuineko zementuzko pista bat hartzen da.

Pista honetatik zehar Azula eta Beizu baserrietara joango gara. Aurrerago, pinudien artetik Bergarako bailararen ikuspegi zoragarriak ikusiko ditugu eta eskuinaldetik Aizkorri eta Aralar mendizerrak.

Kilometro batera bidea bitan banatzen da. Ezkerrekoa hartuz gero, 1.300 metro ibili ondoren, lurrezko pista bat hartuko dugu ezkerretara eta, malda polit bat igo ondoren, Azkonabieta mendiaren azpiko muino batera iritsiko gara.

Lausirianen (altzifreak) baso baten ondoan, eskuineko pista hartuko dugu; bertatik Iparraren (Debabarrena) panoramika paregabea agertzen da eta, zerua garbi dagoenean, baita itsasoa ere. Pistan aurrera eginez 100en bat metro igotzen baditugu, mendia inguratuko dugu izei eta pago-baso zoragarriak zeharkatzen dituzten bidexketan zehar.

Ibilbidearen gune honetan Antenetara eramango gaituen zementuzko pista batekin egingo dugu topo. Gune honetan, ezinbestekoa da geratu eta paisaia dotorea ikustea: hegoaldean Intxorta, Udalaitz, Anboto eta Gorbea; mendebaldean Egoarbitza, Oiz eta abar. Pista horretan behera eginez Karabieta gainera helduko gara.

Puntu honetan Elgeta eta Eibar uztartzen dituen eskualde-errepidea aurkituko dugu; Elgetarantz hartu eta 1,5 km pasatxo egin ondoren abiapuntura ailegatuko gara.

Fitxa teknikoa: ibilbidearen luzera: 7'5 km / iraupena: 2 ordu / zailtasuna: tartekoa.

Eguarbitza

 

Egoarbitza

Elgetatik Eibarrera doan eskualde-errepidea hartuko dugu. Larrabil Zearrako bidegurutzea pasatu ondoren, metro gutxira, 2. puntura helduko gara. Bidezidor honek mendi-hegalean gora egiten du, besteak beste, Bergarako bailara, Irimo mendia, hondoan Aralar mendizerra, Aizkorri mendizerra eta abar erakusten dituelarik. Horrela Lepasolora helduko gara, eta aurrezko pista jarraituko dugu, pinu eta alertze artean. Orduan Egotxeaga auzoan bukatzen den errepidea zeharkatu eta lurrezko pista bat hartuko dugu; bertan gora eginez, orain etxola bihurtuta dagoen zurezko lehortegia aurkituko dugu.

Metro gutxi batzuk aurrerago, pinu, izei, gaztainondo, haritz eta abarren haztegi bat agertuko zaigu ezkerretara. Aurrera jota eta malda txiki bat igo eta gero, Eguarbitzaren barrenera ailegatuko gara. Hemen, untzi-gilaren formako kare-harkaitzaren hegalean, gaur egun elkarte-funtzioak betetzen dituen ardientzako txabola bat dago eta baita landa txiki bat ere, atseden hartzeko oso aproposa.

Mendi-puntara igo nahi badugu, mendiaren iparraldeko bidexka hartu behar dugu, hau da, txabolaren atzetik eta eskuinetik doana. Kontu pixka batekin eta oinetako egokiekin hamar-hamabost minutuan goian egongo gara. Bertatik ikusten dena paregabea da eta, edozein aldetara begiratuta ere, gure inguruko mendirik esanguratsuenak ikusiko ditugu eta, eguraldiak lagunduta, baita itsasoa ere.

Hegoaldetik behera eginez, txabolara iritsiko gara berriro eta, beherago oraindik, bidegurutzean bertan, bi aukera izango ditugu: asfaltatutako errepidea hartu eta ezkerraldetik Elgetara joan edo igoeran hartutako maldak jaistea. Gune horretan eskuinera doan pista hartzen badugu, 15 minutu baino lehen Larrabil-Zearra auzora ailegatuko gara. Auzo honetan ongi zaindutako eta oraintsu berriztatutako baserriak daude. Hemendik herrira osteratxo bat baino ez dago; izan ere, 10 minutu eskasera plazara edo abiapuntura helduko baikara.

Fitxa teknikoa: ibilbidearen luzera: 7'5 km / iraupena: 2 ordu / zailtasuna: tartekoa.

Asentzio

 

Asentzio 

Elgetatik irten eta Arrasatera garamatzan errepidea hartuko dugu; ezkerretara Bergarako bailara eta Gorla nahiz Elosuko mendiak ikusiko ditugu. Ibilaldea goizean eginez gero eta eguraldiaren arabera (udaberrian edo udan), Bergarako bailara lainoz erabat estalita ikusi ohi da, laku handi baten antzera. Kilometro batera bidegurutze bat agertuko zaigu. Bertan Arrasaterako errepidea utzi eta ezkerretara hartuta, metro gutxi barru beste bidegurutze bat ikusiko dugu.

Bigarren gurutze honetan ere ezkerrera ematen duen bidea hartu behar dugu eta 150 metro eginda Asentzioko parkera iritsiko gara. Parkean, besteak beste, erretegiak, mahaiak, iturria, haurrentzako parke txikia eta, nola ez, parkeari berari izena ematen dion baseliza aurkituko ditugu. Hori guztia azpiegitura artifizialari dagokionez; zeren eta, izadiari dagokionez, pago hostotsuak, arrantzan ere egin daitekeen urtegia eta ikuspegi aldetik paradisua ematen duen ingurunea (Udalaitz, Anboto, ...) eskaintzen baitizkigu.

Itzulera, etorritako leku beretik edo ondorengo ibilbide hau hartuta egin dezakegu: parke horretatik irten eta Bergarako bailararanzko pista bat hartzen badugu, 250 metro ingurura, Udaixa baserria aurkituko dugu.

Gune honetatik oso hurbil eta pinudi idorren gerizpean zehar 300 bat metro eginda, Olatza baserria dago. 500 metro ingurura, Elgeta Arrasaterekin elkartzen duen errepidera garamatzan bidegurutzea aurrez aurre topatuko dugu. Eskuinaldera, jada, abiapuntua ikusiko dugu, hots Elgeta.

Fitxa teknikoa: ibilbidearen luzera: 4 km / iraupena: ordu bat / zailtasuna: baxua.

Intxorta

 Intxorta

Elgetan Arrasaterantz hartu, Salbador kalearen amaieran errepide asfaltatua utzi eta Salbatzailearen baselizara garamatzan zementuzko pistatik abiatuko gara. Baseliza hori ia guztiz berriztuta badago ere, aldareko hormatala galdu egin da erabat. Baseliza hori baino zertxobait lehenago, eskuinaldera dagoen zementuzko bidetik joko dugu Artzuategi baserrira eta ur-depositura.

Gune honetan zementuzko pista bukatu egiten da eta pagadi txiki baten beheko aldetik iragaten den lurrezko bati helduko diogu. Gero errekasto bat zeharkatu eta, koniferoen basoetan barrena gutxi gorabehera kilometro bat egin ondoren, mendiaren ipar-hegalean leunki gora eginez, basoaren argigune batera heltzen da. Inguru honetatik Elorrio, Udalaitz, Anboto, Durangaldea eta abarren ikuspegi dotoreak ikus ditzakegu. Ondoren, nahiko aldapatsua den mendebaldeko hegala igotzen 10-15 minutu inguru eginez gero, Intxorta mendira helduko gara eta han haize-orratz ospetsua ikusiko dugu.

Tontorretik, Ekialdeko maldan behera, Intxorta-txikirantza jaitsiko gara. Mendi esanguratsu eta ospetsu honetan eta Intxortan gudari ugari zendu ziren; izan ere, azken gerra zibilean, fronteak 6 hilabetean zehar eutsi baitzien arerioen hegazkinen eraso bortitzei. Hemen, lurrezko pista bat hartu eta asfaltatutako errepide baten bidegurutzera helduko gara. Gune honetan, Elgetara itzuli edo metro gutxira dagoen asentzio parkea ikusteko aukera dugu.

Fitxa teknikoa: ibilbidearen luzera: 5 km / iraupena: 2 ordu / zailtasuna: tartekoa.