Hemen zaude: Hasiera Albisteak Datorren asteartean hasiko dira telefono bidezko galdeketak herrian
Dokumentu Akzioak

Datorren asteartean hasiko dira telefono bidezko galdeketak herrian

2010/10/14

Datorren asteartean, hilak 19, Elgetako etxeetan inkestak egiten hasiko dira telefonoz. 18 urtetik gorako berrehun elgetarren erantzunak jaso nahi dira, udaleko eta herriko gaien inguruan. Udalak kolaborazioa eskatzen die herritarrei galderak arretaz erantzun ditzaten.

Udalak 38 galdera prestatu ditu herritarrei egiteko. Udal zerbitzuekin herritarrek duten poztasun maila neurtu nahi da, eta herriko hainbat gairen inguruan iritzia jaso: Elgetako arazo nagusiak, beharrak, trafikoa, aparkalekuak, euskararen erabilera, osasun zerbitzuak, aisialdiko aukerak, herri eskola, erosketa ohiturak, bizilagunen arteko harremanak, eta udal arduradunen gaineko balorazioa, besteak beste.

Udaleko ordezkari guztien artean osatu da galdeketa. Elkarrizketa bolumena handia izango denez, arduradunek %95eko konfiantza maila aurreikusten dute. Horregatik, Udalak arduraz prestatu du galdeketa, eta emaitza oso baliagarria izango zaio, bere jarduera eta herritarren lehentasunak baloratzeko.

Elkarrizketak Gizaker enpresak egingo ditu. Hilaren 19an hasi eta hiru astetan zehar ahalik eta etxe gehienetara deituko dute, galdeketa momentuan egiteko, edo bestela hitzordua finkatzeko. Etxe bakoitzeko elkarrizketa bat baino gehiago ere egingo ditu beharbada, adin tarte guztiak betetzeko. Goizeko 9.30ak eta gaueko 21.30ak bitartean jardungo dute lanean inkestatzaileek.

Herri galdeketa hau, Foru Aldundiaren Kudeatuz programaren barne dago. Bere helburua, udal politiken balorazioa egitea da.

Inkesta honen osagarri, joan den astean galdetegi sinpleagoak banatu dira paperean etxez etxe, telefono inkesta jasotzen ez duten herritarrek ere euren iritzi eta ekarpenak egiteko aukera izan dezaten.